Osasuna eta Komunitatea, gainera datorkiguna

Asteartean, maiatzaren 12ean arratsaldeko 18:30etan https://zarautzon.nirestream.com

Covid 19k eragindako pandemia egundoko erronka bilakatu da gure ulermen eta erreakzio gaitasunentzat. Gure emozioak eragin ditu, bai banakakoak baita kolektiboak ere, eta etorkizunean gure jokabide indibidualak eta sozialak baldintzatuko ditu.

Egun batetik bestera gertatutako aldaketak harriduraz jasotzen ari gara, eta kosta egiten zaigu aldaketa hauek identifikatzea. Etengabe entzuten dugu “hemendik denok batera irtengo gara” eslogana, eta aldi berean banandu egiten gaituzte, urruntze soziala eskatzen digute denok garelako kutsatzaile eta kutsatu izatearen susmagarri baita osasun sistemari bere jarduna oztopatzearen susmagarri ere.

Happy diverse people enjoying in the park

Komunitatea berreskuratu dugu, edo hobeto esanda, berriz ere garrantzitsua iruditu zaigu aintzat izatea komunitatea, auzoa, bizilagunak. Gure bizikideak gogoan ditugu eta lehen “egun on” bat soilik esaten genion auzokidearekin hitz egiten hasi gara lehenengo aldiz. Gure udalerri askotan boluntariotzako ekimenak sortu dira bakarrik bizi diren edo adineko pertsonei laguntzeko. Elikagai bankurako eskariek gora egin dute. Egoera honetan protagonismo handia hartzen dute gure elkarrizketetan eta pentsamenduetan batetik osasunak eta bestetik beldurrak; geldialdiaren ondorioz datorkigun etorkizun hurbilak eragindako ziurgabetasuna eta egoera ekonomikoak sortutako beldurra.

Botereak hartutako erabakiei men egitera bultzatzen gaitu beldurrak eta ahulenen artean errudunak bilatzera garamatza guk zentzuz eta lasai analisatzeko dugun gaitasuna galduaraziz.  Irtenbidea komunitatera itzultzean datza, eta horrela egiten dugu edozein prozesu sozialen bihotzean eraikita daukagun pertsonen arteko ezinbesteko konfiantza-harremanetara bueltatuz.

BPGa pertsonen eta sozietateen aberastasunaren adierazle bakar gisa erabiltzera ohitu gara. Egia da aberastasun soziala sortu behar dela enpresetatik eta erakundeetatik. Baina gizarte-kohesioa gogoan izango duten beste adierazle batzuk ere sartu behar ditugu, kohesio hau zentzu integralean ulertuta eta hainbat faktore barne hartuz, hala nola osasun maila, birbanaketa, aukera-berdintasuna, pobreziaren eta bazterketa sozialaren aurkako borroka, egonkortasuna, eskubideen babesa …

Gure ustez, esparru horretan planteatu daiteke komunitate batean ezarri beharreko osasun publiko zein gizarte-zerbitzu eredu batekiko ikuspegi aurrerakoia.          

Eta horri buruz hitz egiteko, datorren maiatzaren 12an, ZarautzOn-en berriz ere eskuzabaltasunez lagunduko gaituzten bi gonbidatu izango ditugu. Biak adituak gaurko gaiaren inguruan eta gizatasun eta profesionalitate handikoak. Gaurkoan, bizi nahi dugun etorkizun hori eraikitzeko herritarren kontzientzia sortzen lagunduko digute.

Gurekin izango ditugu:

CELINA PEREDA medikua, erretiratua eta osasun publikoan eta osasunaren sustapenean aditua.

Euskal osasun-sisteman ibilbide luzea egin du eta aitzindaria da osasun publikoko eta droga-mendekotasunen aurkako programak diseinatzen eta abiarazten.

FERNANDO FANTOVA gizarte-aholkularia, gizarte-politikako erakundeen eta gobernuen aholkularia,

Boluntariotzan hasitako ibilbide luzea du eta Lakuako Gizarte Politikako sailburuorde gisara erantzunkizun publikoak bere gain ere izan ditu. Bere blogaren bidez bere hausnarketak eta proposamenak modu irekian partekatzen ditu.